BAINU BAT INGURUNE BASATI ETA UKIGABEAN
Inork edo ia inork zapaldu gabeko lekuren bat zapaldu nahi baduzu, hauxe da zure tokia. Putzuraino iristen den ibilbide laburrean, goroldioak estalitako harriak ikusiko dituzu, eta, aurrera egin ahal izateko, Indiana Jonesen moduan kendu beharko dituzu adarrak paretik.
Bertakoek Pozubaltz esaten diote, hondoak amaierarik ez zuela ematen zuelako, beltza baino ez baitzen ikusten. Egun, sakonera handikoa izaten jarraitzen badu ere, ez du hain kolore iluna, eta, leku batzuetan, hondoa ere ikus daiteke, ura garbia eta gardena baita (aurreko egunetan euririk egin ez badu, behintzat). Baina kontuz, udan joanda ere ura fresko egongo baita (adjektibo egokiagoa izan daiteke hotza, zure ohituraren arabera), zuzenean Oiz menditik datorrenez gero.
Gutxik ezagutzen dute leku hau: baso mardulez inguratuta dago, eta Amazonas erdian zaudela irudituko zaizu.
PROTAGONISTAK
Xabier 28, Gautegiz-Arteaga
Ainize 33, Gernika
"MEXIKOKO CENOTE-EN ANTZEKOA DA, LEKU IDILIKOA".
Xabier Urrutia
BESTE UR-JAUZI BATZUK
Gorbeiako Parke Naturalean ikus dezakezu Ugunako ur-jauzia. Ezin da bertan bainatu, ez duelako sakonera nahikorik, baina toki magikoa da, uraren soinua entzuteaz batera estresa desagerrarazteko modukoa. Izugarri gustatuko zaizu!
Bainu bat hartu nahi baduzu, Sarriako putzura (Araba) hurbil zaitezke.
Gorobel mendilerroan, Nerbioiko jauzia ikus dezakezu: penintsulako ur-jauzirik handiena da. Begiratoki bikaina du eta zenbait ibilbide daude inguruan, paisaiaz ahalik eta gehien goza dezazun.
NOLA IRITSI POZUBALTZERA
Pozubaltz Iurreta udalerrian (Bizkaia) dago, San Markos auzoan, zehatzago. Oromiñoko ur-jauzia izenez ere ezagutzen da, Oromiño auzotik hurbil dagoelako.
Putzura iristeko, onena da autoa mapan adierazitako lekuan uztea eta oinez jarraitzea, 10-15 minutuz.
Ikusiko duzuen hormigoizko zubitxoan, errekaren beste aldera igaro behar da, eta errekan gora igo. Bidea ez dago adierazita, baina ez zarete galduko.
Gomendagarria da makila eramatea, hainbat haitzen gainetik pasatu behar delako eta irristakor egoten direlako, euria egiten duenean, bereziki.
B AUKERA, ERRAZAGOA
Mapan adierazitako lekurantz goazela, eskuinaldean etxe zuri eta berde bat ikusiko duzue. “MAKINA ETXEA” dioen gezi batekin dago adierazita, zutoin baten gainean. Hortik errekara jo daiteke, putzu eder bat topatu arte (ur-jauzi txiki bat dauka). Ez da asko ibili behar, errepide ondoan baitago.
i
INFORMAZIO GEHIAGO
DURANGOKO TURISMO BULEGOA
Kurutziaga, 38
48200 DURANGO (BIZKAIA)
(00 34) 94 603 39 38