NERBIOIKO UR-JAUZIA
Nerbioiko jauzia Iberiar Penintsulako ur-jauzirik handiena da. 270 metroko altuera du, eta Santiago Mendiko Natur Monumentuan dago, Bizkaia eta Burgos arteko mugan.
Urak Delikako haitzartetik beherako bidea egiten du, jauzi ikusgarri hau eratu arte. Aukera baduzu, euriteen edo desizoztearen garaian joatea gomendatzen dizugu, ikuskizun hau ikusteko garairik onena baita.
Udaran, ur-jauzia lehortuta egoten da, edota ia ikusezina den ur-hari fina besterik ez da izaten. Hala ere, Nerbioiko jauzi inguruko paisaia ikaragarri ederra da, eta merezi du bisitatzea.
Ur-jauziaz gozatzeko bi aukera daude: Nerbioiko begiratokitik ikustea (goitik) edota ura iristen den lekuraino joatea, oinez, jauzia behetik ikusteko. Bi aukerek erabat aseko zaituzte, zalantzarik gabe.
Ibilbidea Delikako arroilatik (ur-jauzia behetik ikusteko)
Delikako arroilak mendi-ibilbide ederra egiteko aukera ematen du, ibaiaren ibilbidetik ur-jauziraino. Delikatik abiatuta, 7 km-ko joan-etorriko ibilbidea da, pago eta haritz artean arroilaren behealdetik.
Neguan edo euriteak direnean, ezin da bertatik ibili, baina urtearen gainerakoan ura haitzetako barrunbeetatik iragazten da, eta errekaren ibilbide bihurgunetsua agerian uzten du, oinez joateko moduan, ertz batetik bestera eginez bidea aurrera doan heinean.
Arroilaren amaierara iristen zaren neurrian, haitz-mutur handiak ikusiko dituzu: ur-jauziaren oinarrira iristen ari zaren seinale. Zailtasunik gabeko bidea da, baina amaieran arrokan gora igo beharko duzu oinarrira bertara iristeko (nahiz eta ez den beharrezkoa ikuskizunaz gozatzeko).
NOLA IRITSI BEGIRATOKIRA
Ur-jauzia goitik ikusten da
Joan gora Urduñako mendatean (900 m), Urduñatik Miranda Ebrorako A-2625 errepidetik. Santiago Mendiko parke naturaleko sarrera adierazteko kartela duen aparkaleku batera iritsiko zara.
Aparkalekua jauzitik 4 km-ra baino gehiagora dago, ordubeteko bidean, gutxi gorabehera. Behin barruan sartuta, harrizko errepideari jarraituta, beste bi aparkaleku aurkituko dituzu: horietako bat sarreratik km 1era dago; bestea sarreratik 2 km-ra eta Nerbioiko jauzitik 2 km-ra, erdibidean.
Azken aparkaleku hori dago Nerbioiko jauzitik gertuen, eta bertatik hasten da begiratokira iristeko ibilbidea. Ez dago galtzerik, aparkaleku horretan bertan baitago interpretazio-zentroa ere. Hortik hasten da begiratokirainoko ibilbide atsegina: 2 km inguruko ordu erdiko ibilaldia, galtzeko aukerarik gabeko harrizko bide batetik.
Nerbioiko begiratokia amildegiaren ertzean bertan dago, Delikako arroila gaineko 300 metroko altuerako ikuspegiarekin. Begiratokitik ikus daiteke ur-jauziaren ur-hari fina erortzen, amildegiaren ilunean desagertu arte.
PROTAGONISTAK
Amaia, 29 Salamanka
Pablo, 30 Salamanka
"INOIZ IKUSI DUDAN LEKURIK TXUNDIGARRIENA"
Amaia Nuñez
Artziniegan geldialdia egin genuen: herri txiki bitxia da, Erdi Aroko herrigune ederra duena.
Pablo Mena
Nerbioiko jauziak edota Gorobel mendilerroak Mendebaldeko edo Texasko paisaiak ekartzen dizkidate gogora. Ez nuen uste Euskal Herrian halakorik geneukanik.
Amaia Nuñez
NOLA HELDU DELIKARA
Ur-jauzia beheko aldetik ikusiko duzu
Ibilbidea Delika auzoan hasten da; hemen bertan utzi dezakezu autoa, jatetxe ondoan dagoen aparkalekuan. Ibilbidearen hasiera jatetxean eskuinaldean aurkituko duzu.