GORBEIAKO PARKE NATURALA
Euskadiko mendien handitasuna
GORBEIAN EUSKADIKO TONTOR OSPETSUENA AURKITUKO DUZU
Paisaia arrokatsua da bere ezaugarri nagusia, Gorbeia haitzuloz eta harpez josita baitago. Bi paisaia oso ezberdin ditu: alde batetik, paisaia iluna, landaredi ugariko eta ertz leunagoak dituena; bestetik, paisaia argiagoa, haitzez eta haitzuloz beteta.
Parke natural hau bisitatuz gero, sasoiko bazaude, Gorbeiako gurutze mitikora igo behar duzu. 18 metro luze den gurutze hau euskal mendizaletasunaren ikurretako bat bihurtu da, urteen poderioz. Gainera, ohitura da Gorbeiako tontorrera urteko azken eta lehen egunetan igotzea, gainerako mendizaleekin topa egiteko.
Saldropoko hezegunea bisitatzea ere gomendatzen dizugu, edota Itzinako karsta, denboraren poderioz formaz aldatzen joan den arrokazko gailurra.
Parkearen inguruko bitxikerien artean, nabarmentzekoak dira gaur arte iraun duten eraikin naturalak, hala nola, elur-zuloak, otso-zuloak, errota hidraulikoak edota ikazkintza-industriako aztarnak, besteak beste.
MITOAK ETA KONDAIRAK
Euskal mitologiak Gorbeian ere badu protagonismoa. Diotenez, bertako basoetan bizi da Basajaun, eta ez da arriskutsua, handia izan arren, artzainen ardiak ogi-apurren truke zaintzen baitzituen. Artzainek ez zuten Basajauna ikusten, baina bazekiten han zegoela ardiek zintzarriei aldi berean eragiten zietenean. Bada ikusi duela esaten duenik ere... Beraz, badakizu: ardien zintzarrien soinua entzuten baduzu, zorroztu begirada eta ez diezazula ihes egin!
Erreka-bazterretan, Lamiak omen daude. Lamiak ahate-oinak dituzten izaki mitologikoak dira, beren adats luzeak erreketan orrazten dituztenak, urrezko orraziekin. Beren edertasun handiagatik, zenbait pertsona haiekin maitemindu ei dira. Zeu izango al zara hurrengoa?
INFORMAZIO GEHIAGO
GORBEIA PARKE NATURALEKO INTERPRETAZIO ZENTRUAK
Gudarien Plaza z/g
Areatza (Bizkaia)
T. 94 673 92 79
Lekanda bidea, z/g
Sarria (Araba)
T. 94 543 07 09
Erreparatu ITZINAko gailurrari: hitzik gabe utziko zaitu.
Orozkoko Museo Etnografikoa bisita ezazu
NOLA IRITSI
Gorbeiako parke naturalak zenbait sarrera ditu: Bilbo eta Gasteiz lotzen dituen autobidetik (A-68) etorriz gero, Murgiako edo Orozkoko irteerak hartuko ditugu. N-240 errepidetik ere irits gaitezke, Areatza eta Zeanuriko irteera hartuta, Barazar mendatea igo eta eskuinera eginda (Parkerako sarbidea Saldropotik). Gorbeiako parke naturalak bi parketxe ditu: Sarriakoa (Araban) eta Areatzakoa (Bizkaian).