IBILALDIA NERBIOIKO UR-JAUZIAREN AZPIALDEAN
Nerbioiko Jauzia Iberiar Penintsulako ur-jauzirik handiena da. 270 m-ko garaiera du eta Santiago Mendiko Natura Monumentuan dago, Bizkaiaren eta Burgosen arteko mugan.
Urak Delikako haitzartean behera egiten du, salto ikaragarria sortuta.
Udako hilabeteetan, ur-jauzia lehor egoten da edo oso ur gutxirekin, ia ikusezin. Halere, Nerbioiko Jauziko paisaia ikaragarri polita da eta merezi du bisitatzea.
Ur-jauziaz gozatzeko, bi aukera daude: behatoki batetik ikus daiteke, Nerbioiko Behatokitik (goitik); edo, ibilaldi txikia eginda, ura erortzen den lekuraino joan eta jauzia azpitik mirets dezakegu. Bi lekuetako batek ere ez dizu hutsik egingo.
Ibilaldia Delikako haitzartean barrena (ur-jauzia azpitik ikusteko).
Delikako haitzartean mendi-ibilbide polita topatuko dugu, ibaian behera, ur-jauziraino. 7 km-ko ibilbidea (joan-etorria) da, Delikatik haitzartearen azpiko aldean barrena, haritz eta pago artean.
Neguan edo prezipitazio handien garaian ezin da joan; gainontzean, ura harrien arteko zuloetan behera sartzen da eta agerian uzten du ibaiaren ibilgu bihurria. Horrela, bidezidorrean behera ibil daiteke, batzuetan ibaiaren alde batera eta besteetan bestera.
Haitzartearen amaierara iritsi ahala, ur-jauziaren azpialdeko haitz handiak ikusiko dituzu. Arazorik gabeko ibilbidea da, baina bertatik bertara ikusi nahi baduzu (ikuspegiaz gozatzeko, nahitaezkoa ez bada ere), amaieran haitzetan gora egin beharko duzu.
NOLA IRITSI ABIAPUNTURA
Ibilbideak Delika auzoan du hasiera. Bertan utz dezakezu autoa, jatetxearen ondoko aparkaleku zuhaitz beterikoan. Bidezidorrak jatetxearen eskuinaldean du abiapuntua.
PROTAGONISTAK:
Amaia, 29 Salamanka
Pablo, 30 Salamanka
"INOIZ IKUSI DUDAN GAUZARIK LILURAGARRIENA"
Amaia Nuñez
"Bidean geldialdia egin genuen Artziniegan. Harrigarria iruditu zitzaizkigun herria eta haren Erdi Aroko hirigunea"
Pablo Mena
"Nerbioiko Jauziak eta Gorobel mendilerroak Mendebaldeko edo Texasko paisaiak dakarzkidate gogora. Ez nuen uste EAEn horrelakorik topatuko nuenik”.