IBILBIDEA ARAMAION ZEHAR
Aramaio eta orlegia eskutik joan dira betidanik. Ez al dizu Aramaio hitzak larre berdeak eta artaldeak burura ekartzen? Guri, behintzat, bai!
Proposatzen dizugun ibilbidea oso erraza da, erabat aproposa etxeko gazteekin egiteko. Ibilbideak Ibarran, bailararen erdigune geografikoan, dauka abiapuntua eta gutxi gora-behera 4 kilometro dauzka.
Baserriak dira ibilbide honen berezitasun handiena; izan ere, hortaz konturatuko zara ibilbidea hasi bezain laster. Baina adi bereziki Arriola auzora heltzean, bertan “Erdikoa” baserria nabarmentzen da; nahiz eta auzoko zaharrena “Arriola Bengoakoa” izan; hain zuzen ere, hortik dator auzoaren izena.
Gure azken gomendioa Arraga auzoko sagardotegian geldialdia egitea da, indarra kargatzea komenigarria baita beti!
Orain bai, bada ordua arnas hartzeko eta paisaiaz gozatzeko, Bienvenu/e a la Suisse Basque!
ABIAPUNTUA:
ibilbidea Aramaioko Ibarra auzoan hasten da; hain zuzen ere, Santa Ana baselizan.